«Kolonbiako bake akordioa galdu ezin den tresna bat da»

CARLOS MARTIN BERISTAIN

Jone Bastida Alzuru / BERRIA.

Gobernuak eta FARCek adostutako bake ituna urrats garrantzitsua izan zen, baina Beristainek ziurtatu du «arazo asko» egon direla horiek betetzeko orduan.

Joan den maiatzean, FARC Herriaren Indar Alternatibo Iraultzailea alderdiak 2016an izenpetutako bake akordioa egiaztatzeko batzordetik irtetea erabaki zuen, Washingtonek Kuba «terrorismoaren aurka laguntzen ez duten estatuen zerrendan» sartu eta Kolonbiako Bakerako goi ordezkariak erabakia txalotu ondoren, protesta gisara. Bada, orain, elkarrizketetara itzultzeko prest agertu da. Horren eta herrialdeko egoeraren inguruan aritu da Carlos Martin Beristain Kolonbiako Egiaren Batzordeko kidea.

Garrantzitsua da FARC mahaira itzultzea?

Bai, ezinbestekoa da, bake akordiorako klima politikoa sendotzeko eta errespetuz lan egiteko. Kolonbiako Gobernuak eskatu zion Kubari bake akordioa bultzatzeko eta proposamenak aurrera eramango direla bermatzeko. Orain, Venezuelaren eta Kubaren aurkako jarrera hartzen hasi dira. Kolonbia gatazka armatutik irtetea oso garrantzitsua da, eta ez bakarrik Kolonbiarentzat, baizik eta Latinoamerika osoarentzat. Venezuela eta Kubarekiko harremanak sendotzen eta normalizatzen ez badira, ez da gerra amaituko. Horiek izan ziren bake prozesua hasteari bide eman zioten indar positiboak, baina beste alde askotan ere badute inplikazioa. Mahai horretara itzultzea oso garrantzitsua da. Ez galtzea eskuartean dugun tresna hori.

Egun, nolakoa da Kolonbiako egoera?

Bake akordioa trantsiziorako elementu garrantzitsua da, baina arazo asko egon dira hura betearazteko. Batez ere, lurrekin lotutako gaietan eta landa garapenaren arloan. Bestetik, kezkagarria da herrialdean dagoen indarkeria: ehunka lider sozial eta FARCeko berrehundik gora gerrillari ohi hil dituzte akordioaz geroztik. Hori oso larria da, dena hankaz gora joan daitekeelako.

ELNk eta FARC gerrillako disidenteek ere eutsi egiten diote borroka armatuari. Ez ditugu ahaztu behar talde paramilitar berriak ere. Duela hamar urte pasa desegin ziren AUC Kolonbiako Autodefentsa Batuak, paramilitarren erakunde handi bat. Baina, horren ostean, beste batzuk sortu dira.

FARCek berak ere gerrillari ohien eta alderdiko kideen aurkako jazarpena salatu du, eta Ivan Duque buru duen gobernuari leporatu dio haren isiltasunarekin hilketen konplize dela.

Bai, gatazkak jarraitzen du. Gure misioa da errekonozimendurako eta elkarbizitza berpizteko bidea egitea, eta gertatutakoa ez errepikatzeko oinarriak ezartzea; egia bilatzea, finean. Baina badaude gatazkak denboran irauteko modua ematen duten faktoreak, eta horiekin ere ari gara lanean. Aztertu egin behar dugu zergatik gertatzen den hori. Ez bakarrik orain. 1980ko hamarkadan ere egon ziren bake proposamenerako bideak, eta orduan sortu zen UP Batasun Patriotikoa alderdia, hirugarren indar politikoa ere izan zena; haien aurkako sarraskia egon zen. Paramilitarrek borroka utzi ostean ere jarraitu zuen gatazkak; eta, orain, FARCek armak utzi dituen arren, beste bide batzuetan segitzen du gatazka armatuak. Indarkeria birziklatzen da, ez direlako gizartean egin beharreko aldaketak egiten.

Hala ere, akordioak bakerako mekanismo berriak sortzeko modua eman zuen, ezta?

Bai. Gerra amaitzeko bide bat zabaltzen du akordioak. Bain, oztopo asko daude akordioak jasotzen dituen oinarriak betetzeko, eta ziurgabetasuna ere kezkagarria da, nahiz eta akordioak funtsezkoak diren erakundeak eratzeko, batez ere, biktimen auziari lotuta: UBPD Desagertutako Pertsonak Bilatzeko Unitateak, JEP Bakerako Jurisdikzio Berezia eta nik lan egiten dudan Kolonbiako Egiaren Batzordea bera.

Baina gobernuak berak ere oztopoak jarri ditu zenbait gaitan, eta zalantzan jarri ditu bake itunean lortutako zenbait akordio.

Orain, lehengo konpromisoekin alderatuta, bake prozesuak tresna gehiago ditu. Hainbat erakunde daude, eta kontzientzia handiagoa dago. Baina gizartea polarizatzeko estrategiak ere martxan egon dira tarte honetan. Akordioaren ostean, hura berresteko plebiszitua egin zen, eta ezezkoa gailendu zen gutxi batzuengatik. Kanpaina gogorra egin zuten bake prozesuaren aurka. Gizartea polarizatzeko estrategia horiek martxan segitzen dute.

Zailtasunak eta oztopoak egon dira bake akordioko zenbait oinarri ezartzeko. Kolokan dago adostutakoa?

Bake prozesua aurrera doa, eta FARCek bete ditu bere konpromisoak. Beraiek ere esan zuten ez zegoela atzera bueltarik. Baina testuinguruak zalantzan jartzen du egoera. Onartezina da bake akordiotik hona 201 gerrillari ohi eta ehunka lider sozial hil izana. Zenbait lurraldetan, egoera ez da aldatu, edo okertu egin da. Tumacon edo Caucan, adibidez. Beste modu batean, baina gerrak jarraitu egiten du.

Akordioaren inguruan, zer sentipen dago herritarren artean?

Jende askok nahi du prozesu honetan sakontzea eta sendotzea. Pandemia baino lehen, orain dela sei hilabete, mobilizazio asko egin ziren. Protesta horiek askotarikoak izan ziren; denetarik zegoen. Kolonbian etorkizuna hobetzeko eskatu zuten, ozenki. Bestetik, bake akordioa betetzea ere galdegin zen. Lehen aldia izan zen gizarte mailan gauza horiek egiten zirela, ez bakarrik talde batzuetan edo landa eremuetan: hirietan ere bazegoen aldarrikapen hori.

FARCekin adostutako bake prozesuak beste gauza batzuetarako espazioa zabaltzen du. Ematen du aukera beste egonezin, nahi eta eskaera horiei tokia egiteko. Alor askotan behar du Kolonbiak bakea, ez soilik borroka armatuari lotuta. Sakondu egin behar da. Sortzen badira baldintzak prozesu horiek sendotzeko, ziurtasun aldetik beste egoera bat ekarriko du, eta itxaropen aldetik bide sendoa.

Hori indartzeko, zer urrats egin behar dira?

Orain, garrantzitsuena da politikoki aitortzea bake akordioa trantsiziorako bide bat dela; eta ez bakarrik aitortzea, baizik eta adostutako neurriak bultzatzea. Baieztatu, eta ziurtasun sozial eta juridikoa eman behar zaio prozesuari, eta ez zalantzan jarri. Gobernua, askotan, hori egiten ari da, ezbaian jartzen, eta hori onartezina da. Bestetik, beharrezkoa da ELNrekin ere su-eten baterako bidea egitea.

Adierazi behar da aldaketak etortzekotan, demokraziaren bidez etorriko direla, eta ez politika eta armak nahastuz. Eta, bestetik, errespetatu behar dira biktimen erreparaziorako eta gatazkan jardun dutenei aurre egiteko sortu diren erakundeak. Politika horiek sendotu behar dira, eta sostengua eman behar zaie, ez zalantzan jarri.

Azkenik, joan den urtean oso garrantzitsua izan zen kontu bat nabarmendu nahi nuke: jendearen mobilizazioa. Hori da Kolonbiak une honetan duen itxaropenik handiena.

«Kolonbiako bake akordioa galdu ezin den tresna bat da»
Scroll hacia arriba

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor mayor información.. ACEPTAR

Aviso de cookies