Asociación Freytter Elkartea
 

«Unibertsitateek ahaztu eta ezkutatu egin nahi izan dute gertatutakoa»

Euskal Herrian bizi da Jorge Enrique Freytter-Florian, baina distantziak ez dio ahantzarazi aitari gertatutakoa. Alderantziz, 18 urtez borrokan aritu da Kolonbiako Gobernuak Aldolfo Freytter Romerori egindakoa aitor dezan. Bide horretan lehen mugarria jarri dute, haren hilketa gizateriaren aurkako delitu izendatzea lortuta.

Zer ondorio ditu Freytter Romeroren heriotza gizateriaren aurkako delitu izendatu izanak?

Lehen pauso bat da gertatutakoa aitortzeko, erreparatzeko eta berriz ez gertatzeko, batez ere egun dugun egoeran, eta giza eskubideak bermatzeari dagokionez, ustelkeria instituzio guztietan aurki daitekeen herrialde batean. Estatuko terrorismoaren biktima gisa, batzuetan zalantzan jartzen duzu fiskaltzaren lana. Baina egia da oraingoan urratsak egin dituztela, kontuan izanik gobernu honen kideetako batzuk ikerketapean daudela paramilitarrekin izandako loturengatik.

Garai hartan unibertsitateak paramilitarren helburu bilakatu zituztela dio fiskalak txostenean.

Kolonbiako unibertsitate publikoak poliziaren indarkeriaren eta paramilitarren jopuntu izan ziren. Ikasle eta irakasle asko hil zituzten 1998 eta 2006 artean. Atlantikoko Unibertsitatean bakarrik 23 pertsona hil zituzten. Arrazoia? Gobernuko alderdi tradizionalekin lotuta zeuden eta unibertsitateetan eskuin muturreko politikak bultzatzen zituzten errektore horien aurka mugitzen hasiak zirela. Horregatik, epai hau aitortza bat da, unibertsitateetan indarkeriaren biktima izan ziren horienganako aitortza bat.

Orain, Romeroren hilketa gizateriaren aurkako delitu izendatuta, ez dago hura epaitzeko epemugarik.

Guk fiskaltzari eta Kolonbiako Gobernuari eskatzen genion aintzat hartzeko hilketaren testuingurua. Poliziako eta armadako gaulako kideek hartu zuten parte bahiketa hartan —bahiketen aurkako segurtasun indarretako talde bereziak dira gaulak—, eta baita Kolonbiako Autodefentsa Batuak eskuin muturreko taldeak ere. Unibertsitateetako arduradunek, goi mailako militarrek eta politikariek zuzendutako operazioa izan ziren hura eta beste asko, sindikalistak unibertsitatetik kanporatzea helburu zutenak. Izan ere, sindikatuak paramilitarren esku hartzearen eta, batez ere, unibertsitateetako ustelkeriaren aurka kalera irteten hasiak ziren —garai hartan buruzagi paramilitarrek izendatzen zituzten errektoreak; hori gertatu zen, esaterako, Cordobako Unibertsitatean—.

Zein da hurrengo urratsa?

Guretzat, garrantzitsua da hilketa gizateriaren aurkako delitutzat jotzea, ez bakarrik Freytter Romeroren kasuarengatik, baita beste askorengatik ere. 2008ra arte, militarrek esku hartu zuten unibertsitateetan, eta, Atlantikoko Unibertsitatearen kasuan, estatuak aitortzen duen lehen kasua da. Horri esker, bide orri bat osatu ahal izango dugu, eta egile intelektualetaraino heldu, horretarako nazioarteko auzitegietara jo behar badugu ere. Haiei izena eta aurpegia jartzea falta zaigun arren, badakigu harremanak dituztela udaletako eta eskualdeetako parapolitikarekin.

Bide luzea egin duzue hona heldu arte.

Oso gogorra da halako eztabaidak piztea Kolonbian. Batetik, gertatutakoa isildu dutelako botere faktikoek, inork auzipetu ez ditzan; eta, bestetik, biktimen senideek aitortzaren beharra dutelako. Guk argi genuen prozesua zaila izango zela, baina nazioarteko kideen laguntzarekin, eta, Restrepo kolektiboko abokatuen lan onari esker, aurrera egin dugu. Kontuan izan behar dugu guk Espainian ere jarri genuela salaketa hilketa azter zezaten, eta horrek Kolonbian izan du eraginik, han nazioarteko irudiari kalte egitearen beldur direlako.

Garrantzitsua iruditzen zaigu, era berean, unibertsitateen jarrera aipatzea. Izan ere, aitak lan egin zuen Atlantikoko Unibertsitatearen kasuan, ez gaituzte lagundu. Nahiago izan dute gertatutakoa ahaztu eta ezkutatu. Egia da badirela biktimak unibertsitateen esku hartzearen beharrik ikusten ez dutenak, baina, gure ustez, haiek zerikusi handia izan zuten ordu hartan gertatutakoan.