Asociación Freytter Elkartea
 

"Kolonbiako Estatuak paramilitarismoa zuritu nahi du biktimen koordinatzaile berriaren bitartez"

IBAI TREBIÑO @ibaitrebino

Kolonbiako Gobernuak hartutako erabaki batek hautsak harrotu ditu berriki: Jorge Rodrigo Tovar aukeratu dute biktimen koordinatzaile kargurako, Jorge 40 ezizenez ezagutzen den buruzagi paramilitarraren semea. Haren agindupean torturatu eta hil zituzten biktimen familien samina areagotu du neurriak, baita Euskal Herrian errefuxiatu gisa bizi den Freytter familiarena ere. Izendapenak ez duela biktimen adostasunik nabarmendu du Jorge Freytter-Florianek, indarkeria horren biktima zuzenetako batek.

 

Maiatzaren 19an iragarri zuen Kolonbiako Gobernu eskuindarrak Jorge Rodrigo Tovarrek zuzenduko duela Barne Ministerioaren menpe den biktimen koordinazioa. Izendapenenak polemika bizia piztu du, koordinatzailea Jorge 40 ezizenez ezaguna den Jorge Tovar Pupo buruzagi paramilitar ohiaren semea baita.

Oraindik gatazkan bizi zen Kolonbian lurrikara politikoa eragin du izendapenak eta kritika gogorrak jaso ditu Ivan Duque presidentearen erabakiak: gobernuaren "moral eza" aipatu dute batzuek –besteak beste Andres Pastrana presidente ohiak, Bogotako alkate Claudia Lopezek edota oposizioko buru Gustavo Petrok–. Beste hainbatek aldiz, txalotu egin dute Kolonbiako ultraeskuindarren erabakia, esaterako Katerine Miranda Alderdi Berdeko kideak, Tovar “adiskidetasunaren sinbolo” delakoan edota Rodrigo Londoño Timochenko FARCeko gerrilari ohiak. Izendapenak “ez diola inolako kezkarik sortzen”, adierazi du Timochenko-k. Adierazpen horrek hamaikagarren polemika piztu du  FARC alderdiaren barruan eta hainbat militantek dimisioa eskatu du, bere hitzak “jasanezinak” direla argudiatuta.

Jorge Rodrigo Tovarren izendapenak iraganeko zauriak ireki ditu Kolonbian eta garaileen kontakizuna berreskuratu du hein batean. AUC –Kolonbiako Autodefentsa Batuak– talde paramilitarreko “iparraldeko blokeko” buruzagi militarra izan zen Jorge 40 eta Karibe eskualdeko departamenduetan 600 bat pertsona hil zituen gutxienez, berak aitortuta, 1996 eta 2006. urte artean, AUCk disoluzioa iragarri zuen arte.

Ezkerrean, Kolonbiako Gobernuak biktimen koordinatzaile kargurako izendatu duen Jorge Rodrigo Tovar. Eskuinean, bere aita, Jorge Tovar Pupo "Jorge 40" paramilitarra.

Jorge 40-ren biktimen artean, Jorge Adolfo Freytter Romero Atlantiko-ko Unibertsitateko irakaslearen hilketa basatia dugu kasurik esanguratsuenetarikoa. 2001eko abuztuaren 28an, Freytter irakaslea hainbat erretiraturekin elkartu ostean –aholkularitza lanak egiten zituen–Barranquillako bere etxera joan zen. Bidean AUC talde paramilitarreko talde batek Freytter atxilotu eta desagerrazi zuen. “Itsasontzi-tailer batera eraman zuten eta bertan bortizki torturatua izan zen 24 orduz”, azaldu dio Argiari bere seme Jorge Freytter-Florianek. Egun bat geroago, arrantzale batzuek gorpua aurkitu zuten Barranquilla eta Magdalena departamenduaren arteko errepidean, Palermo udalerrian, “arroparik gabe, torturatua”, Freytterren semeak azaldu duenez. Iragan urtarrilean Kolonbiako fiskaltzak  “gizadiaren aurkako krimentzat” jo zuen Freyterren hilketa, sei irizpide kontuan hartuta.

Jorge Freytter Romero irakaslea itzal handiko pertsona izan zen Atlantikoko Unibertsitatean. Soziologia irakasle edota sindikalista gisa ez ezik, baita ikasle garaietan ere. Esaterako, ikasle bozketa prozesuetan inoizko emaitzarik onenak lortu zituen Freytterrek. Aktibismo sozialari ekin zion gazteetatik eta Errusia eta Txinako literaturak influentzia handia eduki zuen bere militantzia politikoan. “Ezkerreko perspektibatik ikusten zuen herrialdea, pentsamendu kritikoa garatuz” nabarmendu du semeak.

Aitaren hilketaren harira, Freytter-Florianek uste du “emblematikoa” izan zela hura, “erakusten baitu GAULA –bahiketak ekiditeko indar militar eta polizial berezia– eta Kolonbiako Estatuaren indar publikoak elkarlanean aritu zirela paramilitarrekin”. Adierazgarria da bahitu zuten tokitik torturatu eta hil zuten tokira bidean, Kolonbiako Armadaren eta Poliziaren hainbat kontrol-gune igaro izana eta horrek “indar militar eta talde irregularren arteko lotura erakutsiko luke”, Freytterren semeak dioenez.

Bestalde, azpimarratu behar da heriotza baino hilabete lehenago, Freytter Romero bera atxilo eraman zuela Poliziak eta ondorioz, “jarraipen baten biktima” bilakatu zen. “Aitaren heriotza da paramilitarrek sikariorik erabili ez duten bakarrenetarikoa: haiek antolatu eta burutu zuten ekintza, Poliziak egindako jarraipena oinarri hartuta”, azpimarratu du Freytter-Florianek.

Kolonbiako Autodefentsa Batuak (AUC) eskuin muturreko erakunde paramilitarra izan zen. 1997an sortu eta 2006an desmobilizatu zen.

Orduan 15 urteko gaztea zen Jorge Freytter-Florian eta aitaren hilketaren ondoren bere familiarekin batera ihes egin behar izan zuen Kolonbiatik, “armadaren mehatxu zuzenak zirela eta”. Lehenik Venezuelan eta azkenik, 2006an, Euskal Herrian erbesteratu ziren, ACNUR eta beste erakunde humanitarioen laguntzari esker.

Ordutik Bilbon bizi da eta ikasketak amaitzeko aukera izan du Euskal Herriko Unibertsitatean. Euskal Herriko egoera politikoa ezagutu eta “internazionalismoaren ikuspegitik” hainbat eragile politiko eta sozialekin lanean aritu da, baita hainbat ikerkuntza proiektu egin ere, besteak beste Alexander Ugalde Zubiri eta Francisco Letamendia Ortzi irakasleekin edota Ainara Lertxundi kazetariarekin batera. Horrela, 2012an, EHUren laguntzarekin, Kolonbia, oraina eta etorkizuna itxaropen garaian ikerketa liburua publikatu zuten. Hego Amerikan eta bereziki Kolonbiako unibertsitateetan biolentzia politikoaren fenomenoa aztertzen du lanak.

Liburua aitari eta gatazkaren biktimei omenaldi xumea izan zela dio Freyterrek, paramilitarrak, Jorge 40 buru zela, Barranquillako eskualdeko arlo ademikoan bereziki bortitzak izan baitziren. Datuen arabera 25 akademiko hil zituen AUCren paramilitarismoak 10 urte haietan.

“Lider sozial eta sindikalisten kontrako genozidioa egiten ari dira Kolonbian”

50 urte baino gehiago dira Kolonbiako gatazka armatua hasi zenetik,  eta geroztik Kolonbiako Gobernuaren “barne etsaiaren” doktrinaren biktima izan dira milaka pertsona, tartean Freytter irakaslea. “Botere egituren ideologiatik kanpo geratzen diren sektoreak –nekazariak, akademikoak, eta disidenteak oro har– nazioaren etsai gisa seinalatzea” du helburu doktrinak eta ondorioz, “haien kontra egitea”, salatu du Freytter-Florianek. Bere aitaren kasuan adibidez, paramilitarren eta estatuko indarren arteko harremana frogatuta dagoela nabarmendu du: “Ikerketa judizialak eta penalak erakusten du nola estatuak hainbat paramilitar eta funtzionario ordaindu zituen akademiko batzuk hiltzeko“. Tamalez, Freyterrek dio "sindikalistak edo irakasleak hiltzeko ordaintzea" gaur egun ere gobernuak errepikatzen duen estrategia dela.

Jorge Freytter-Florian

Kolonbian gauzak ez direla asko aldatu dio Freytterrek eta “lider sozial, sindikalista eta akademikoen kontrako genozidioa” gertatzen ari dela uste du. FARCek eta gobernuak 2016an sinatutako akordioen ostean, ekintzaile sozial eta politikoen hilketa ez dela eten gaineratu du gazteak. Historian eta bereziki bake prozesu guztien ostean “sistematikoki gertatu den zerbait” dela dio.

Borrero izatetik biktima izatera

Paramilitarismoari dagokionez, 2006an ekin zion armagabetzeari AUC talde paramilitarrak. Desmobilizazio prozesu horren barruan, Kolonbiako justiziak AUC taldeko 14 buruzagi estraditatu zituen AEBetara 2008an, narkotrafikoa egotzita, tartean Jorge 40. Aurten baina, 12 urteko kartzela zigorra amaituko du AEBetan eta horrezkero Kolonbiara itzuli ahal izango da, “aske bizitzera” azpimarratu du Freytter familiak. “Narkotrafikoaren kondena beteta, inork ez dio hilketen inguruko azalpenik eskatuko Jorge 40-ri”, uste du Freytterrek eta barne ministerioko biktimen koordinatzaile haren semea izandatu izana “sari gisa” ikusten du, “paramilitarismoa eta bere aitaren krimenak zuritzeko”.

"Nire aitaren kasuan paramilitarren eta estatuko indarren arteko harremana frogatuta dago, ikerketa judizialak erakutsi du Kolonbiako Estatuak hainbat paramilitar eta funtzionario ordaindu zituela akademiko batzuk hiltzeko” Jorge Freytter-Florian

Jorge 40-k bere krimenengatik erantzun beharko luke lehenik eta behin, ez da gerra-presoa, gerra kriminala baizik. Arazoa da Jorge 40-k hilketak Kolonbiako Estatuaren laguntzaz egin zituela”, azpimarratu du Freytterrek.

Testuinguru honetan, “gu, biktima gisa, Jorge Rodrigo Tovarren izendapenaren kontra gaude erabat, ez baitio ekarpenik egingo gatazkaren egiazko kontakizunari”. Gainera, izendapena “biktimen adostasunik gabe” egin dela dio Freytter familiaren ordezkariak, eta hori “larria” iruditu zaio, are gehiago “adiskidetzea eta egiarekiko zorra denon ahotan dagoen garai hauetan”. Freyterrentzat erreparazioaren bidean “paramilitarren eta estatuaren segurtasun indarren arteko harremana ikertzea eta argitzea beharrezkoa da”. “Orain borreroak biktima bezala aurkeztu nahi dizkigute”, dio atsekabez Freytterrek.